Liburutegia

Liburutegi feminista

Liburutegi feminista sortzen ari gara! Liburutegi batez aritzea istorioak elkartzeko unibertso batez aritzea da. Baina gainera, emakumeen liburutegi batez ari bagara, bertan lekua izango duten bizitzek, aukerek, aberastasunak eta aniztasunak ez dute mugarik izango

Virginia Woolfen Gela bat norberarena edo Carmen Martin Gaiteren El Cuarto de atrás baino askoz gehiago da Sorginenea liburutegia. Gure formakuntzan bidelagun izan ditugun emakume feministek idatzitako obrekin elkartzeko gunea izango da. Emakumeek historian idatzitako literatura topatuko dugu bertan, Patriarkatuak deuseztatu izan duen literatura bera. Ez dugu biltegi bat, artxibategi bat izatea nahi, edo liburuak multzoka pilatzeko lekua. Sorgineneara datozen emakumeentzako informazio zentro bat izatea nahi dugu, irakurketak partekatzeko lekua, testu klasikoez eta korronte berriez eztabaidatzeko espazioa. Ideiak eta eztabaidak trukatzeko espazio eraikitzailea.
Sorgineneak liburutegi bizia edukitzea nahi dugu, testuak irakurtzeaz harago, partekatu, xehatu eta trukatu daitezen. Formatzeko, trukatzeko eta hausnartzeko zentro bat nahi dugu, Gasteizko emakumeak elkarrekin hazteko espazio bat.