Etxea

Emakumeek emakumeentzat kudeatutako proiektu feminista da Etxea. Elkar topatzeko eta elkar ezagutzeko espazioa da Etxea, hortik abiatuta espazio propio komunak identifikatu eta sortu ahal izateko. Hauxe da gure filosofia:

  • Etxea inklusiboa, irekia eta anitza izango da;
  • Etxea leku segurua eta konfiantzazkoa izan behar da emakume guztiontzat;
  • Etxea independentea izango da edozein alderdi, mugimendu politiko, kolektibo, entitate eta espaziorekiko, eta horretarako beharrezko egiturak sortuko ditugu;
  • Erreferentea izango da Gasteizen, feminismoaren eta berdintasunaren alde lan egiten duten emakume eta kolektibo guztientzat;
  • Feminista izango da, feminismoa hiri osoan zabalduko dugu, eta hiriko berdintasun-politika publikoetan eragingo dugu;
  • Irisgarritasuna eta diseinu unibertsala bermatuko ditugu marko juridikoan aurreikusi bezala; behar izanez gero, edozein konponbide tekniko eta teknologikoetara joko dugu.
  • Espazioak malguak eta moldagarriak izango dira, erabakitzen ditugun programa eta ekintzak garatu ahal izateko;
  • Sormena, hausnarketa eta, batez ere, bestelako egiteko moduak sustatuko dituen elkargunea izango da. Leku erosoa ere izango da, jolaserako eta alaitasunerako tokia;
  • Ikasketarako lekua izango da; emakume guztiok elkarrengandik ikasiko dugu, eta aldi berean, zerbait irakatsi ahal izango diegu gainerakoei.
  • Errespetua eta ekitatea dira Etxea gidatuko duten balioak.

Sorrera (aurrekariak)

Emakumeen Etxea aldarrikapen historiko izan du Gasteizko mugimendu feministak, ahalduntzeko eta hiriko emakumeen behar espezifikoak kudeatzeko espazio baten beharra zegoelako.

1970 hamarkada

1970eko hamarkadatik Emakumeen Etxeak aldarrikatu ditu mugimendu feministak. 2000. urtetik aurrera hainbat Emakumeen Etxe zabaldu ziren Euskal Herrian (Ermua, Donostia, Basauri, etab.).

2014

Gasteizen, 2014an, osoko bilkurak onartu egin zuen Emakumeen Etxearen sorrera. Proiektu gisa gehitu zen III Berdintasun Planean eta 2017ko IV Berdintasun Planean.

2017

2017ko apirilean prozesu parte hartzailea abiatu zen: kolektibo feministak, berdintasunaren aldeko emakume elkarteak eta genero ikuspegidun elkarte mistoak deitu zituen Udalak, Etxearen sorrera zehazteko talde motorean parte hartzeko. Hainbat lansaio, jardunaldi parte hartzaile ireki bat eta bestelako antolakundeek indartutako talde motorearen saio baten ostean, abenduaren 19an, hasierako proposamena aurkeztu zen, adostutakoa, Gasteizko Emakumeen Etxea sortzeko. Proposamenean Etxearen filosofia, funtzionamendua, finantzaketa eta kokapen posiblea zehaztu ziren, eta talde motore indartuak proposamena berretsi zuen.

2018ko urtarriletik ekainera

2018ko urtarriletik ekainera. Prozesua eraikinaren inguruko polemikan zentratu zen. Udalak ez zituen onartzen talde motoreak Etxearen kokapenari buruz egiten zituen proposamenak. Hasierako proposamena, Etxanobe jauregia, Udalaren azken hitza izan zen. 2018ko ekainaren 6an talde motoreak aukera hori onartu zuen.

2018 urte bukaeran

Talde motoreak proiektua lantzen jarraitu zuen. Elkarte bakarrera egindako trantsizioan, urrian, Sorginenea izena adostu zen Gasteizko Emakumeen Etxearen elkarteari, Etxea kogestionatuko zuen elkarteari, izena emateko. 2018 urte bukaeran elkartearen estatutuak erregistratu ziren, barne-funtzionamendurako oinarriekin eta etxearen izenarekin: Sorginenea - Tu casa feminista.

2019ko otsailetik apirilera

2019ko otsailetik apirilera. Sorgineneak, kolektiboki eta adostasuna bilatuz, Sorginenea - Tu casa feministaren Kudeaketa Proiektua egin zuen, eta herri-pedagogia feminista ezarri zuen lan-metodologia gisa.

2019ko apirilaren 26an

Apirilaren 26an Udaleko osoko bilkurak lankidetzarako hitzarmen-markoa onartu zuen Sorginenea eta Udalaren artean, eta maiatzaren 8an sinatu zen Hitzarmena eta Urteko Plan Operatiboa (UPO).

2019ko maiatzetik irailera

Maiatzetik Irailera. Sorgineneak lan handia egiten du, Etxea irekitzeko eta elkartea kudeatzeko barne-oinarriak ezartzen, eta Berdintasun Zerbitzuarekin banatutako kogestioan aurrerapausoak ematen ditu. Iraileko lehen astean Sorginenearen lehen bilera zabala deitzen da, Etxea irekierarako prestatzeko.

2019ko irailaren 21a

2019ko irailaren 21a Sorginenea - Tu casa feminista Etxearen inagurazioa!!!

Sorginenea Tu Casa Feminista en Gasteiz proiektua

Gasteizko Sorginenea – Tu casa feminista emakumeok indibidualki eta kolektiboki ahalduntzeko gunea izan dadila nahi dugu; hiriko emakumeon gaitasunak, eskariak, beharrak eta proposamenak ikusarazteko elkargunea.

Helburu nagusia

Sorgninenea – Tu casa feminista emakumeok ahalduntzeko eta jendartea eraldatzeko espazioa izatea nahi dugu, parte hartzailea eta bizimodu jasangarriak oinarri dituena.

Helburu zehatzak eta Ekintzak

Ahalegin handia da Etxea ireki, martxan jarri eta jendarteari aurkeztea; batez ere, emakumeei jakinaraztea badagoela elkartzeko, trukatzeko eta hausnartzeko gune bat ahalduntze-jarduerak egiteko. Horregatik, lehenengo urtean, lan gehiena SORGINENEA ezagutzera emateko estrategiak martxan jartzea eta materiala diseinatu eta zabaltzea izango da.

Ekintzak

  • Zabaltzeko materialak erabiliko dituen Komunikazio Plana garatzea.
  • Ateak zabaltzeko egunak.
  • SORGINENEAra bisita gidatuak.
  • Artikulatu, erabili bozgorailua: iragarki eta difusio taula.
  • Te-topaketak eta tertuliak.
  • Etxeko espazioak izendatu eta apaintzeko tailerra (komunen errotulazioa, txikigune murala, ate moreak).
  • Mahai-ingurua: “Zertarako Sorginenea Emakumeen Etxea?”.

Eztabaidatzeko, hausnartzeko eta pentsamendu kolektiboa lantzeko espazioak eratzea da Etxearen oinarrizko helburuetako bat. Feminismoan inplikatutako emakume anitzen elkargune izan nahi dugu, edota diskurtso feministetan sakontzeko beharra dutenentzako topagunea. Gure asmoa SORGINENEA elkartearen jarduerak garatzea da, beste emakume elkarteekin elkarlanean eta koordinatuta.

Ekintzak

  • Eztabaidak hilabetero, guztion artean erabakitako gaiekin.
  • Mintegiak, foroak eta hitzaldiak.
  • Erakusketak, film proiekzioak, zine forumak, dokumentalak, etab.
  • Liburu aurkezpenak.
  • Liburutegi feminista eta irakurketa gela zabaltzea.
  • Gure gorputzak ezagutu, aztertu eta onartzeko tailerrak. Hilekoa, menopausia, zahartzaroa, emozioen kudeaketa eta gaitasun pertsonalen desmitifikazioa.

SORGINENEA ideien trukean eta diskurtsoen sorreran erreferentziazko espazioa izan dadin nahi dugu. Etxea emakumeentzako espazio gisa ulertzen dugu, non autogestiorako gaitasuna garatuko dugun. Horretarako, ezinbestekoa da ahalduntze-ekintzen diseinuan eta garapenean aktiboki parte hartzea.

Ekintzak

  • Bazkide-kanpaina iraunkorra.
  • Aste tematikoak.
  • Bilera irekiak, aldizkako topaketa dinamizatuak eta aire zabaleko ekintzak.
  • Kafe-Te topaketak elkar ezagutu dezagun eta babes sareak sortu ditzagun.
  • Norberaren beharrak, premiak eta informazioa partekatzeko espazioa sortzea, emakumeon egoera eta errealitate anitzak ezagutu ditzagun.
  • Liburutegi feminista sortzea.
  • Kulturarteko tailer eta jarduerak.

Gasteizko emakumeen errealitate anitzak ezagutzeko eta gure gaitasun eraldatzaileak ezagutzeko, Ikerketa eta Ekintza Parte-Hartzaileko eta Herri-Hezkuntza Feministako jarduerak sustatu nahi ditugu, geure botere eraldatzailea erabili dezagun eta autogestio pertsonal zein kolektiborako gure tresna propioak sortu ditzagun. Aurtengo jarduera gehienak epe luzerako prozesuak indartzera bideratuko ditugu, esaterako:

  • “Sorginen” mitoa deseraikitzea, Etxeko jardueren ardatz giltzarri gisa; izan ere, Etxearen izenak berak erreferentzia egiten dio emakumeen aurkako kriminalizazio eta sarraskiari.
  • Herri-Pedagogia Feminista sustatzea, Etxeko tailerrak, ikastaroak eta ekintzak garatzeko metodologia gisa.
  • Talde sorkuntzarako tailerrak, gure ezagutzak berreskuratu, indartu eta ikusarazteko.
  • Ezagutza sortu, errealitatea ikertu eta formakuntza eta ahalduntzearen alde egiten duten talde, elkarte, kolektibo eta emakumeekin sinergiak sortzea.
  • Antzerki-talde feminista sustatzea.

Aurrekoaz gain, SORGINENEA-Tu casa feminista Etxean emakumeon eskubideen urraketak salatzeko jarduerak eta kanpainak egingo ditugu, eta mugimendu feministarentzat giltzarri diren datetan ekintzak burutuko ditugu: maiatzaren 25ean, Gerraren Kontrako Emakumeen Eguna; ekainaren 28an, LGTBI Harrotasunaren eguna; eta azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna.

Bestelako jarduerak ere sustatuko ditugu:

  • Denbora Bankua, emakumeok ekonomia-eredu jasangarriagoak sortu ditzagun, eguneroko beharrei erantzun ahal izateko.
  • Emakumeen zerrendak egitea, bitartekari, ekintzaile, itzultzaile, dinamizatzaile… gisa egiten duten lana ezagutzera emateko.
  • Bilerak egiteko espazioa eskaintzea berdintasunaren eta emakumeen ekitatearen alde lan egiten duten bazkide eta elkarteei (maila guztietan: lokala, autonomikoa, estatu mailakoa…), eta era berean elkarrekin erlazionatu daitezen.